Bizkaiko Txakolina

Txakolin aromatikoa, orekatua eta fruta-usaineko ñabardurekin

Argiz beteriko udaren ostean, egun bero, gau hotz eta euri gutxirekin, Bizkaiko txakolina egiteko 2015eko mahats-bilketa oparoa izan da, kalitate onekoa, eta heltze-egoera hoberena izan du: oso ardo bereziak izango ditugula pentsarazten dute faktore horiek.

“Argi-ordu asko samarreko uda izan dugu eta abuztuan euri gutxi egin du. Horrela ondo heltzeko aukera izan du mahatsak”, dio Itziar Etxebarriak, Gatikako Butroi upategikoak.

Bere iritziz, azken bilketan jasotako mahatsaren ezaugarriak kontuan izanda, aurrera daiteke txakolina “aromatikoa, fruta-usainen ─bereziki sagar berde eta freskoaren─ ñabardurekin, belar-ukituekin, ahoan egitura onekoa eta oso orekatua" izango dela.

Txakolina egiteko erabilitako mahats-barietateen ezaugarriek, ‘hondarribi zuri’ nagusi dela, usaimen-ahalmen oso handia ematen diete ardoei. Aho-sabairako, txakolina freskoa da, oso alaia eta azidotasun-ñabardura askokoa; horrela ardoak edateko eta uztartzeko errazak izango dira, baina hala ere konplexuak.

“Ardo konplexua da usaimen aldetik, fruta- eta belar-ñabardurak dituena. Txakolinaren zentzumen-esperientzia bizia da eta ahoan oso alaia, edan erraza", erantsi du Etxebarriak; otordu arinekin, janaurrekoekin, arrainekin… edatea gomendatzen du, baina baita hegaztikiei edo haragi gorriei laguntzeko ere.

“Oso ondo egokitzen da hamaiketako eta askarietara, jatordu arinetara, arrainetara… baina baditugu txakolin oso konplexuak ere, hegaztiki eta haragi gorriekin uztartzeko modukoak", erantsi du.

Adituek tradizioz martxoa aipatu izan dute dastatzeko, kortxoa ateratzeko datarik hoberena legez, baina lehenengo loteen botilaratze-unearen arabera, data hori aurreratu egiten da eta gaur egun ardo zoragarriak dasta daitezke Gabonetan ere.

“Botilaratze-prozesua kanpaina osoan zehar egiten da, ez dago une bakar bat prozesu hori gauzatzeko”, esanez amaitu du Etxebarriak.

INICIAR SESIÓN

Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información en nuestra política de privacidad.

ACEPTAR

Producto añadido al pedido